HIRUGARREN ADINEKOEN EGOITZA DEBAN
Gipuzkoako Foru Aldundia Debako udalari zuzendu zaio, Debako herrian mendekotasuna duten adinekoak artatzeko zahar egoitza irekitzeko asmoaren berri emanaz. Zahar egoitza horretan ere Eguneko zentroa kokatuz. Debako udal gobernutik jaso dugun informazioaren arabera badirudi Euskadiko Kutxak ere interesa duela Deban zahar egoitza egiteko, baina horren inguruan ez digute informazio handirik eman. Beraz, esan genezakeena da, ba omen daudela bi interesatu gure herrian zahar egoitza bat irekitzeko.
Ezker Batua Berdeak eta Aralarreko udal taldeak positiboki baloratzen dugu Deban zahar egoitza irekitzeko egitasmoa, gure gizartean, eta baita gure herrian ere, guztiz beharrezkoak direlako herritarrei arreta eskaintzeko zerbitzu sozialak. Baita gure herriko nagusienek behar dituzten zerbitzuak eskaintzeko azpiegiturak ere. Baina bide horretan, oso argi daukagu Debako zerbitzu sozialen sarea garatzerako orduan, zerbitzuak eskaintzerako orduan, kalitatezko zerbitzuak nahi ditugula. Unibertsalak, herritar orok eskura izango dituenak, eta herrian txertatuak eta integratuak egongo direnak, aldi berean zerbitzuaren hartzaile diren pertsonei herrian integrazioa eta parte hartzea ahalbidetuz.
Eta noski, zahar egoitza publikoa nahi dugu, hau da administrazio publikoak sustatuta, eraikita eta mantenduta, administrazio publikoaren betebeharra horixe baita. Gure kasuan Diputazioarena. Ez dugu nahi ez zahar egoitza pribaturik eztra pribatizaturik ere. Kalitatezkoa nahi dugu, kalitatezko lanpostuak sortuko dituena eta, modu horretan, gure adinekoei kalitatezko zerbitzua emango diena. Gure adinekoek gutxiago ez baitute merezi.
Ondorioz, prest gaude Debar adinekoenek eta beraien familiakoek behar duten zerbitzua Deban jasotzeko aukera izan dezaten. Horregatik zahar egoitzaren egitasmoa gauzatua izan dadin lan egingo dugu, izan ere udalak ere badu zer esana eta zer egina. Zehazki lur saila uztea Foru Aldundiari zahar egoitza eraikitzeko. Edota, zehaztea non nahi duen zahar egoitza. Horri dagokionean udal gobernuak badirudi hartu duela bere erabakia: Osioko urbanizazio berrian kokatzea. Gogoratu bertan 340 etxebizitza egin behar direla, eta bertan aprobetxamendu urbanistikoaren legea medio udalari 1000metro karratuko lur saila dagokiola. Eta badirudi Debako Udal gobernuarentzat ( EA – ANV) toki aproposena dela zahar egoitza irekitzeko.
Ezker Batua Berdeak eta Aralar udal taldeak gure desadostasuna adierazi nahi dugu zahar egoitzaren kokapen horren erabakiaren aurrean. Gure ustez ondoren aipatzen ditugun arrazoiengatik ez baita inondik inora Deban horretarako daukagun gunerik aproposena ondoren aipatzen ditugun arrazoiengatik:
-Lehendik ere gune horretan 90 etxebizitza izanik izugarrizko arazoak daude aparkatzeko. Eta kontuan hartu behar da, beste 340 etxebizitza egiten direnean, nahiz eta aparkaleku pribatuak egin arazoa areagotu egingo dela. Eta noski zahar egoitzarako ere aparkalekuak aurreikusi behar dira.
-Lur sailaren tamaina mugatuegia, eskasa. Behin zahar egoitza bat eraikitzekotan baldintza duinetan eraikitzea nahi dugu, gerora begira zabaltzearen beharra egon ez gero edo eta sortzen joan daitezkeen lege berriak aplikatzerako orduan berregituraketak egiteko aukerak egoteko.
-Zahar Egoitzak inguruan gune berdea izatea garrantzitsua da, kanpoko ekintzak egiteko, irteerak edo eta beste ekintza batzuk egin ahal izateko: prebentzioan oinarritutako kirol ekintzak, naturaz gozatzeko aisialdia;bisitetan irteteko aukera ahalbidetzeko familiakoekin edo eta lagunekin.
-Eskaintzen duen irisgarritasun eskasa. Gogoratu aldaparen protzentaia %7 dela.
-Etxebizitzak, zahar egoitza…dena pilatuta egotea gune mugatu eta estu batean ez da nahi dugun etorkizuneko hirigintza eredua.
-Herrian integratua egoteko zailtasunak. Zahar egoitza berria herrian guztiz integratua egon behar da. Mugikortasuna, irisgarritasuna ahalbidetu behar du, bertatik gure adinekoek herriko bizitzan parte har dezaten bermatuz. Oztopoak ez ditugu jarri behar. Eta guk behintzat garbi daukagu herria denon artean egin behar dugula, bai behintzat nahi dutenen artean, eta hor ere hirugarren adinekoek badaukate zer esana.
-Herriko gune hezeenetarikoa da.
Beraz, horrengatik guztiarengatik eta ondoren aipatzen ditugun irizpideak kontuan izanik Ezker Batua Berdeak eta Aralar udal taldeak ondorengo proposamena egiten dugu zahar egoitzaren kokalekuari dagokionean
Kontutan hartu beharreko irizpide nagusiak:
-Herrian integratua: parte hartzea
-Kalitatea: eraikuntzan eta zerbitzuan.
-Irisgarritasuna.
-Ingurunea zahar egoitzaren dinamikan eskuragarri.
-Gune zabala, etorkizuna baldintzatu gabe.
-Gune lasaia, epela.
-Aparkalekuak
-Etorkizuneko plazak ez baldintzatzea.
Halaber, dei egiten diogu udal gobernuari eraiki nahi den zahar egoitza hori erabat publikoa izan dadin borrokatu dezan, administrazio publikoaren jabegokoa izan dadin eta administrazio publikoak zuzenean kudeatuta, bitartekaririk gabe. Eta, noski, bertan sortuko diren lanpostuak kalitatezkoak izan daitezen eta ez prekarioak eta gaizki ordainduak. Udalak utzi behar ditu lurrak, beraz, udalaren eskuetan dago zer nolako zahar egoitza eskatu behar zaion Diputazioari erabakitzea.
Gurizardi baserriaren goikaldean dagoen lur sailean eraikitzea. Bertan 7000metro karratu ditugu, patxadazko eta kalitatezko zahar egoitza eta eguneko zentroa eraikitzeko.
Lur sail horrek dituen aukerak paregabeak dira, aldi berean herrian integrazioa ahalbidetuz, Elizburu/ Amillaga urbanizazio berritik 25 metrotara aurkituko bai litzake, eta bertatik igogailua egongo baita herriko hondartzaraino. Gainera berorren aldapa portzentaia % 4 soilik izanik, aurreko kokagunearekin alderatuz askoz txikiagoa.Beraz, gure ustez eskaintzen dituen baldintzak guztiz egokiak dira:
-Garai berrietara egokitutako patxadazko eraikina egiteko aukera, lur eskasiak baldintzatu gabe.
-Ingurunean pasealekua, aisialdia naturan gozatzeko aukera, ondorioz zahar egoitzako erabiltzaileen bizitza kalitatea indartuz.
-Familiakin, lagunekin irteerak erraztuz.
-Herriko bizitzan parte hartzea erraztuz, mugikortasuna errazten duten baldintzak beteko bai lituzke.
-Inguruan babes ofizialeko etxe tutelatuak egiteko aukera.
-Irisgarritasuna.
-Etorkizunean egon daitekeen eskaera ez baldintzatzea.
-Gune lasaia, epela.
Debako udala honako erizpideak defendatuko ditu Diputazioaren aurrean, eraki nahi den zahar egoitza dela eta:
- Deban eraiki nahi den zahar egoitza administrazio publikoaren jabegokoa izan dadin.
- Administrazio publikoak zuzenean kudeatuta, bitartekari pribaturik gabe.
- Halaber, bertan sortuko diren lanpostuak kalitatezkoak izan daitezen Diputazioak lehenetsiko ditu lan kontratazio zuzenak eta baztertu egingo ditu enpresa bidezko kontratak zein azpikontratak.

Meneame
del.icio.us